GARA, 2003/01/15


      ETArekin ELKARRIZKETA

      «Bakea izkinaren bueltan dago zain»

      Azken asteotan politikari, kazetari eta herritarron ahotan dabiltzan gaiei buruz mintzatu da ETA. Ezohiko elkarrizketa laburrean, eguneroko gaiei lotuta, erakunde armatu horrek gaurkotasuneko arazo eta kezkei buruzko galderei erantzun die. Hona hemen, hitzez hitz, GARAk galdetu eta ETAk erantzundakoa.

      Azken egunotan Euskadi Ta Askatasunak EZLNko Marcos subkomandanteari emandako erantzunaz asko hitz egin da, eta ez da falta izan jipoi dialektiko gisa ulertu duenik.

      Erakundeak Marcos subkomandanteari igorritako mezuaren muina argia izan zen: duintasunean, begirunean eta elkartasunean oinarritutako harremanak behar ditugu justiziaren alde borrokan ari garen herri eta antolakundeek. Euskal Herriko prozesuarekiko eta bereziki ETAri buruz erabiltzen zituen kontzeptu eta iritziei buruzko oharpen publikoa egitea zen helburua. ETAk ez du inolako mespretxurik agertzen Txiapaseko herriarekiko eta EZLN erakundearekiko. Guztiz kontrakoa, miresmena ere badugu urte luzetan beren eskubideen alde daramaten borrokarekiko eta egunero-egunero sortzen duten errealitate berri horrekiko. Beraz, gora Txiapas eta gora EZLN! ­

      Euskal Herriko egunerokotasunari so eginda, espainiar Gobernuak euskal preso politikoen zigorrak gogortuko dituela agindu du; prozedura legala dagoeneko martxan dago, eta behin-behineko askatasunaren figura ere desagertzeko zorian jarri du. Zer eragin izan dezake honek ETAren jardueran?

      Gobernu espainiarrak euskal herritarren aurka prestatu dituen zigor neurri berrien oinarrian mendeku gose itsua baino ez dugu ikusten. Iruditzen zaigu neurri horien bidez Aznarrek Espainiako gizarteari egiten diola kondena mehatxua batez ere, esaten ari baitzaio berrogei urte barru ere gatazka armatua jasan beharko dutela, 2043an ere euskal preso politikoak egongo direla. Espainiako Gobernua mozorro demokratikoa kenduta dabil, inolako aterabiderik gabe, demokrazia eta eskubideen errespetuaren aldeko urrats txikienak beren historia liburu faltsutuetan ikasi duten Espainiaren espejismoa bertan behera utziko dien beldur baitira. ETA Francoren diktadurapean jaio zen; zigor neurriek ez dute bere jarduera aldatuko, ez alde batera ez bestera, gure borroka ez baita mendekuak gidaturik edota zigor neurrien aurka antolatzen, Euskal Herriaren eskubideak eskuratzeari begira baizik. ­

      Aurreko agiri batean ETAk hitz gogorrak erabili zituen Ibarretxek aurkeztutako planaren aurka, eta ez zen denbora asko pasatu EAEko lehendakariak «ETA kanpora» lelopean manifestazio bat antolatu arte. Hausnarketa horrek Bilboko kaleetan jasotako erantzuna entzun al du ETAk?

      Ibarretxeren planaren eta PNVk oro har daraman politikaren ispilua da lelo hori: eskluientea da, itxia da, partziala da. Erruzkoa eta iruzurtia da. Ibarretxek euskal herritarroi «self-service» baterako gonbita egin digula sinetsarazi nahi du, baina kontua da euskal herritar batzuk bakarrik gonbidatu dituela, eta aukeran plater bakarra aurkituko dutela hor sartzen direnek, 1979ko iraungitze data duena gainera. Proposamen horrek Espainiarekiko menpekotasuna eta gerraren luzapena dakar. ETAren ustez proposamen inkluienteak egin behar dira, zabalak eta orokorrak. Espainia eta Frantziak Euskal Herriarekin duten gatazka osotasunean konponbidean jarriko dutenak: mahaira zazpi gonbidatuak esertzeko aukera izan behar da. Gero norberak hautatuko du zer jango duen, zenbat jango duen, baita noiz hasiko den jaten ere. Guk badugu ziurtasun osoa honokoan, mahai horretan ezker abertzaleak proposatuko duen menua gehiengo zabalaren gustukoa izango dela: Nafarroako esparragoak, bakailaoa bizkaitar erara Arabako patatekin eta Ezpeletako piperrekin, edateko Gipuzkoako sagardoa eta Nafarroa Behereko ardoa, eta amaitzeko Zuberoako gazta. Bakea izkinaren bueltan dago zain, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen errespetuaren bueltan. ETAren eskua luzaturik dago betidanik bakerako, etsaien eta baskongadisten besoak eta buruak benetako prozesu demokratikoaren beldur diren bitartean.

      Baina ETAren besoa ere armaturik dago gure herriaren defentsarako, eta ez diogu beso horri atsedenik emango gure Euskal Herriaren eskubidee-tan oinarritutako gatazkaren konponbidea etortzen ez den artean.

      ­Hego Euskal Herrian hauteskunde garaian buru-belarri sartuta gaudela esan genezake. Datozenak, gainera, erabat garrantzitsuak izango dira. Ezker abertzaleak aurki ditzakeen zailtasun eta oztopoak kontuan hartuz, zer-nolako iritzia du ETAk une elektoral honi buruz?

      Euskal Herrian ez da inoiz hauteskunde demokratikorik egin; legedi eta baldintzen aldetik Frantzia eta Espainiakoen menpekoak dira egiten diren guztiak. Guztietan ezker abertzalearen izugarrizko oldarra izan da. Hauetan, gainera, ezker abertzaleari inoiz baino oztopo gehiago jartzen ari zaio aurkezteko. Beraz, zilegitasun oso baxuko hauteskundeak izan daitezke. Opzio politiko desberdinetakoak hauteskunde opila banatzeko beste interesik gabe ikusten ditugu, gero beren negozio eta trikimailuak egiteko. Ezker abertzalearentzat oso garrantzitsuak dira Euskal Herriaren eraikuntzan urrats berria egiteko eta baita Espainiaren eta Frantziaren itxitasunari aurre egitearekin batera Ibarretxe eta PNVk egin nahi duten iruzur kriminalari stop argia emateko ere. ­

      Ustezko ETAko kide batzuen atxiloketaren ostean, frantziar epaile ezagun baten kontrako ekintza armatu baten prestaketaren berri zabaldu da hedabideetan. Egia al da?

      Ez gara Poliziaren bidez hedabideetara heltzen diren ETAri buruzko berriez aritzen. -

      Índice home